Oihana Maritorenari egindako elkarrizketa

Zurriantzerki_ikastola

Elkarrizketa Ohiana Monitorenarekin (Ikastola aldizkaria, 2013ko apirila) http://aldizkaria.ikastola.net/node/188

Ikastolako bertako 160 ikasle, ikasle ohi, lagun talde eta guraso talde bat…; ia berrehun “aktore” ari dira antzerkia ikasten eta irakasten Donostiako Zurriola Ikastolako Antzerki Eskolan. Oihana Maritorenak, “Goenkale”n eta zenbait filmetan lan egin duen aktore ezagunak koordinatzen du eskola. Berarekin batean irakasle lanetan Joserra Fatxado, Arkaitz Garziandia eta Mikel Sarriegi dabiltza. LH3etik Batxilegora bitarteko ikasleekin, eta hortik aurrerako interesa duen jendearekin osatzen dituzte taldeak, eta talde bakoitzak urtean gutxienez hiru emanaldi egiten ditu, ikaskideen aurrean eta gurasoen aurrean. Talde horietako batzuk Donostiako Antzerki Topaketan, Azpeitikoan, Euskararen Egunean edo Durangoko Antzerki Maratoian parte hartu ohi dute. Oihana Maritorenak esan zigunez, euskal antzerkiak duen harrobi oparoenetakoa da eskola hori.

Oinazpia
Euskal antzerkiak duen harrobi oparoenetakoa da.

Gelaz kanpoko ekintza gisa funtzionatzen du Zurriolako Antzerki Eskolak. 160 ikasle ditu ikastola barrukoak, LH3n hasi eta Batxilergora artekoak alegia, baina beste 28 gazte ari dira antzerkia ikasten, ikasle ohiak batzuk edo hauen lagunak. Guraso talde bat ere badute. Oihana Maritorena aktore eta eskolako koordinatzaileak esan zigunez, Zurriolako Antzerki Eskola izan da eta da euskal antzerkigintzak izan duen harrobirik oparoenetako bat, ETB1eko telesailetako aktore asko, “Goenkale”koak esate baterako, hortik atera baitziren. Bera ere, Oihana, hor hasi zen ibilbidea egiten.

Maila bakoitzean arlo bat lantzen dute: LH3n mimoa egiten dute; LH4n testu antzeztua (irakurketa eta entonazioa) jorratzen dute; LH5n clown ariketa eta esketxak egiten dituzte; LH6n testu sakonagoen lanketa; DBH1en inprobisazioa lantzen da; DBH2n gorputz espresioa eta dantza; DBH3an sormena jorratzen da eta gidoiak egiten hasten dira; DBH4ana berriro ere testua eta Batxilergoan, amateur taldean eta gurasoekin taldeak berak aukeratzen du landu nahi duen generoa, komedia, drama edo zer nahi den. Maila bakoitzean talde bat baino gehiago izaten dira, taldeko dozena bat ikasle sartzen direlako.

Joserra Fatxado da irakasle beteranoena eta berarekin batean dabiltza Mikel Sarriegi, Arkaitz Garziandia eta Oihana bera dabiltza.

Oihana eta Joserra elkarrekin sartu ziren “Goenkale”n orain 13 urte eta geroztik ia urtero hartu izan omen dituzte telesailetarako ikasleren batzuk. Oihanak esan zigunez, talde bakoitzak hiru emanaldi egiten ditu urtean bat beren ikaskide eta maila bat beheragokoentzat eta bi gurasoentzat.  “Horretaz gain, Donostian maiatzean egiten den Antzerki Topaketan bi  amateur taldek eta DBH4ko batek hartu ohi dute parte eta sariak ere irabazi izan ditugu. Azpeitira ere joan izan gara eta hor aurreko urteko lanarekin joaten dira taldeak. Eta Euskararen Egunean egiten ditugu emanaldiak. Antzoki Zaharrean eta Lugaritzen talde amateurrak sei emanaldi egin zituen. Aurten LAGA talde amateurrak, “Zazpitik hiru” lanarekin, Euskararen egunarengatik antolatutako ekintzetan parte hartu du, Lugaritz eta Antzoki Zaharrean 6 emanaldi eginez.Talde horrek berak Durangoko Antzerki Maratoian parte hartu zuen obra berarekin. Joserrak zuzentzen duen BIGA taldeak abenduan estreinatu zuen Jareñon ‘Tradizioa lege’ obra eta lan horrekin ere badabiltza. Joan den astean Usurbilgo gaztetxean izan ziren”, jarraitu  zuen.

Oihanaren ustez, jendaurrean egoten erakusten du antzerkiak. “Niri amak hori esaten dit beti, lotsa galtzeko apuntatu ninduela. Gela barruan eta hirugarren eta laugarren mailan ematen dute antzerkia. Hor pizten zaie askori gogoa eta gero taula gainera ateratzea ohitura bihurtzen da”, esan zuen Oihanak.

Eskolak funtzionamendurako diru-laguntzak eskatzen ditu erakunde ezberdinetatik eta orain arte bezala euskarazko antzerkia kalera ateratzen ahalegintzen jarraituko dute.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*